Harremanak
     Tel: 943 51 43 72
     Fax: 943 52 13 13
e-posta: info@...
Gehiago

 Xake

Adin desberdineko ikasleak egokitu zaizkigu Koldo Mitxelena ikastetxeko xake ikastaroan, beraz, bi adin taldeei dagozkien plangintzak agertzen dira jarraian.

Ikasle gazteenei zuzenduta dauden ikasgai sinpleenak luze eta sakon lantzen dira ikasturte osoan zehar, heldu batek ordu gutxitan ikasiko lukeena erronka handia izan baitaiteke haur batentzat. Jakin badakigu ongi asimilatu ez diren oinarrizko kontzeptuak jakintza berriak barneratzeko oztopo bilakatzen direla maiz eta, esperientziak irakatsi digunez, hori da hain zuzen ere gerta ohi dena xakelari hasberriei ahalik eta gauza gehien azaldu eta lehenbailehen “xakean jokatzen jarriz gero. Hasierako akatsak behin eta berriz errepikatzen dituzte, gerora zuzentzea hutsetik ikastea baino gehiago kostatzen delarik.

Ikasle helduagoekin desberdina da. Badakite xakean aritzen eta irakatsitakoa azkarrago eta hobe asimilatzeko gai dira. Horregatik, aurreratuago dauden xakelariei zuzenduriko klaseetan eduki gehiago eta konplexuagoak lantzen dira, denbora epe laburragoan, gainera.

 Xake klaseak emanez pasatako urteek irakatsitako beste gauza garrantzizko bat ikasleek xakearekin disfrutatu behar dutela da, hain zuzen ere; ikasiz baina gozatuz, eta horretan saiatzen gara klaseetan.

 

ERABILTZEN DEN METODOLOGIA

         

Maila apaleneko ikasleekin erabiltzen da gehien bat jarraian azaltzen den metodologia. Ikasle helduagoekin lan egiteko era hirugarren puntuak laburbildu dezake.

Orokorrean, hiru pausotan banatutako prozesuaren laguntzaz lantzen da eduki berri bakoitza, salbuespenak salbuespen.

  1. Ikasleak berak bizitako esperientzietatik ateratako ondorioen bitartez ikastea. Lehen pauso honetan irakasleak banaka edo taldeka ebatzi beharreko problemak planteatzen dizkie ikasleei, behar izanez gero, bere laguntza eskainiz.
  2. Ondorioztaturikoa ulertu eta barneratzea. Ondorio zuzenera iritsi eta gero, zergatik eta nola den horrela azaltzen du irakasleak. Horretarako, eta ikasitakoa ez ahazteko, haurrei zuzenduriko istorioak eta truku txikiak erabiltzen dira; barregarria suerta ohi zaielako besterik ez bada ere, ikasitakoa gogoan hartzen laguntzen die-eta.
  3. Ikasitakoa praktikan jartzea. Ariketak eta jolasak uztartuz jartzen dute praktikan ikasleek ikasitakoa. Honetarako, xake liburuetako ohiko problemez gain, jolas ezberdinak erabiltzen dira, hala nola, karta jokoak, puzzleak, lehiaketa jokoak eta.

 

 

Gune pribatua
AGIRITEGIA Pasahitza beharrezkoa da
© KMLHI 2010
Lege Oharra  |  Web Diseinua