Ikastetxeko gorabeherak

Hasiera  › Albisteak  › OLENTZERO
 

  2021-12-17
OLENTZERO

Udaletxetik jasotako informazioa zuekin partekatzen dugu

Ohar honen bidez jakinarazi nahi dizuegu, COVID 19 pandemiaren azken egunetako gorakadaren
ondorioz, bertan behera utzi behar izan dugula Olentzero eta Mari Domingiren Etorrera ekitaldia, ezin
dugulako bermatu kaleko ospakizunetan (Ongietorria, kalejira, eta Gaztainerre-jaia) segurtasun-neurriak
betetzea.

Horregatik, iaz bezala, Merkatuzarren egingo dugu gutun-ematea, AURREZ TXANDA HARTUTA. Hala,
haurrek aukera izango dute Olentzero eta Mari Domingi ikusi, beraiekin hitz egin, gutuna eman eta
argazkia ateratzeko, segurtasun-baldintzak beteta.
Txandak https://herribizia.errenteria.... helbidean hartu ahal izango dira, abenduaren
17ko eguerdiko 12:00etatik aurrera. Ez hartu behar dituzunak baino txanda gehiago.
Hona hemen JARRAIBIDEAK, gutun-ematea segurtasun osoz egin ahal izateko:
Gutun-emateko ekitaldia 23an izango da Merkatuzarren, 16:00etatik 21:00etara.
TXANDAK: Ordu laurden bakoitzeko 10 txanda emango dira. Txandarik hartu gabe ezin izango
da gutuna ematera sartu. Txanda bakoitzean gehienez sei pertsona sartu ahal izango dira, haur
eta helduak barne. Taldean 3 haur baino gehiago badaude, bi heldu joan beharko dira (3 haur
eta 2 heldu edo 4 haur eta 2 heldu).
SARRERA: Txanda bakoitza dagokion orduan sartuko da. Mesedez, zure txanda baino gehienez
ordu laurden lehenago agertu, ez baita sartzen utziko dagokion ordura arte. Ez etorri ordua
baino askoz lehenago, pilaketak ekiditeko. Berandu agertuz gero, berriz, txanda galduko da.
Ordu laurden jakin batean txanda dutenak barrura sartuko dira eta han distantziak mantenduz
ilaran itxarongo dute. Txanda bakoitzak Olentzerorekin edo Mari Domingirekin 3 minutu
egoteko aukera emango du, tokatzen denarekin.
Merkatuzarrera sartu aurretik eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira. Barruan 6
urtetik gorakoek une guztiz musukoa jantzita eraman beharko dute, eta ilaran beste taldeekiko
distantzia mantendu beharko da, baita haurrek ere. Ezin izango da korrika edo jolasean ibili.
Une oro arduradunek emandako jarraibideak bete beharko dira.
Olentzero eta Mari Domingi agertoki gainean egongo dira. Haurrak eta familiak ezin izango dira
oholtzara igo. Agertokiaren parean jarrita hitz egingo dute Mari Domingi eta Olentzerorekin,
argazkiak atera nahi badira behetik egin beharko dira, eta gutunak behean egongo den zakura
botako dira.
Gutun-ematean parte hartzeko ezinbestekoa izango da arau guztiak zorrotz betetzea. Gogoan izan,
baliatzen ez den txanda bakoitzeko haur batzuk Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera gabe
geldituko direla. Halaber, txanda hartuta azkenean joan ezin baduzu, itzuli ezazu
(kulturmalutak@errenteria.eus helbidera idatzita) eta txanda berriz eskuragarri jarriko da. Eta ahalik
eta haur gehienek izan dezaten aukera, saiatu txanda bakoitzean 6 laguneko taldeak osatzen, betiere
ohikoan harremana duten haurrekin (gelakideak, lehengusuak...).
Garai zail hauetan haurrentzat hain berezia den ekitaldi hau mantentzeko ahalegin handia egiten ari
gara, eta familiei ere garaiak eskatzen duen neurriko ardura izatea eskatzen dizuegu, dena ongi, arazorik
gabe eta osasunez joan dadin.
Bestalde, ekitaldia girotzeko eta politago eta biziago egiteko, kalean musika eta animazioa izango dira
gutun-ematearen orduetan. Halaber, gutuna ematera haurrak zein helduak baserritar jantziarekin
etortzera animatzen zaituztegu.
Lau Haizetaratik haurrak bezala gurasoak ere une magiko horretan partaide izatea nahi dugu, eta
gogoratu nahi dizuegu garrantzitsua dela umeei laguntzea jostailu hezigarriak eta ez sexistak hautatzen
eta euskaraz egiteko balio dutenak aukeratzen.
Gainera, Lau Haizetarak antolatzen duen Olentzero eta Mari Domingiren etorrera honek aurten 20 urte
betetzen dituela-eta, erakusketa antolatu dugu, Xenpelar Etxean ikusgai egongo dena abenduaren
21etik 31ra.
Azkenik, ekitaldi polit honen antolakuntzarako laguntzaile gehiagoren beharrean gaude azken urteotan.
Hurrengo urteetan jai hau antolatzen jarraitu ahal izateko, lantaldean parte hartzeko gonbita egin nahi
dizuegu familiei.


Haurrak dira etorkizuna, zaindu ditzagun.